lunes, 28 de febrero de 2011

Desinformazioaren gizartea

Prentsa edo hedabide askatasuna makroenpresaburuei
bakarrik dagokien gauza da. Hedabide askatasuna enpresa
askatasunaren adarra da. Hedabide tradizionalek osatu diguten panoramaren barruan, oso
pertsona gutxik erabaki dezakete zer den informaziogai eta
mezu hori nola transmititu behar den. Informazioaren
bahiketa ia balio kulturaltzat asumitu dugun kontua da.
Hori horrela da, eta kito. Autoak eskuinetik gidatu behar
direla onartzen dugun naturaltasun berberaz.
Bahitura egoera horren aurrean, Internet bezalako
tresna bat erabili ahal izatea oasi baten tamainako oxigeno
ponpa izan liteke: masa hedabide bat antolatzeko aski diru
ez duten informaziogileek non plazaratu izan dezaten.
Potentzialitate teknologiko hori egon badago. Beste kontua
da ea erabiltzen ari ote garen, teoriako oasi hori espejismo
soila ez ote den izango.
Gaurkoa bezalako gaiak planteatzen direnean galdera
kilikagarri hauxe egiten da normalean: «Internet:
demokratizazio tresna al da?». Arestiko harira egokitzen
zait itaun horixe. Potentzialki, eta informazioari
gagozkionez, baietz esango nuke, bestela inola ere
argitaratuko ez liratekeen gauzak eta iritziak argitara
daitezkeelako. Hurrengo auzia, beste hauxe:
demokratizazio tresna gertatzen ari al da? Erantzun
ezezkoa oraingoan, edo ez hain baiezkoa gutxienik.

No hay comentarios:

Publicar un comentario